IBILBIDEA NOAINEN HASTEN DA

San Migel muinoan, eliza aurreko txoko politean. Hemendik etxe handi neoklasiko bat ikusiko dugu, XVIII. mendean eraikia, duela gutxi zaharberritua, eta beheitixeago, egun Kultur Etxea hartu duen eraikina.

Elizako atearen parean, Akueduktuaren II. Mendeurrenaren oroitarria dago, Jesús Ukar eskultoreak landutakoa, eta 1990eko ekainaren 9an inauguratua. Elizari dagokionez, dorrea da nabarmentzekoa kanpoaldean. Dorrean ederki ikusten dira hasierako kanpai-horma erromanikoaren trazak. Atariko arkupea XVIII. mendekoa da, baina ataria gotikoa: kapiteletan, haritz- eta mahasti-hostoak ageri dira zizelkaturik. Eliza gotikoa da, XIV. mendean eraikia, nabe bakarra du, burualde poligonala, eta gurutze-ganga, hiru tartetan banaturikoa. Nabearen oinetan, XVI. mendeko koru altu bat dago, aho-arku batekin; arkuan arrosa-leihoak, giza buruak, mahatsak, aingeruak, txoriak eta basurdeak ageri dira apaingarritako. Koruaren ganga izar-erakoa da, eta giltzarrietan aingeruak daude. Gerrek elizako apaingarri gehienak eraman zituzten; horrela, badakigu frantsesek 1812an erre zutela, Frantsestean edo Independentzia Gerran, eta “hormak eta ezkilak baizik ez zirela zutik gelditu …”.
Dorrera eskailera kiribilean goiti igotzen bagara, paisaia ederra ikusiko dugu, ezkilak, eta han ikusgarri, zut, Akueduktua. Han, Noaingo Gudua gertatu zen, 1521ean, gaztelarren eta Nafarroako errege tronu-gabetuaren aldeko armadaren artean.

Errege Bide zaharra hartuko dugu Noaindik ateratzeko, N-240 errepidean barrena. Errepidea paraleloa da Taxoare Mendiarekiko. Gero, 9 km igaro ondoren.

ESKUINEKO BIDEA HARTUKO DUGU DORRERA IRISTEKO

Herrian sartzean, eskuinean etxe handi bat ikusiko dugu. Dorretxe bat da, patioduna, jatorriz Erdi Arokoa. Nabarmentzekoa da, halaber, Errenazimenduko jauregi sendoa, “Casa Grande” esaten diotena, XVI. mendekoa gaur egungo itxuran, baina barrenean baditu Erdi Aroko osagaiak, hala nola leihoak, hormak eta beste; beraz, horrek esan nahi du aurretik beste eraikin bat egon zela. Bi solairuko lau tarte ditu, eta fatxada bi dorreren artean, eta bi dorre horien artean ere erdi-puntuko ate bat. Atetik sartu eta atondora iritsiko gara, eta bertan denetariko nekazaritza-tresnak eta erabilera pertsonalekoak daude, guztiak ere iraganekoak. Atondotik, gurdiak patiora sartzen ziren, eta gelak inguruz inguru daude. Bestalde, elizaren ondoan, badago beste etxe handi bat, XVII. mendekoa, hiru solairukoa eta erdi-puntuko atea duena.
San Pedro elizak kanoi-ganga zorrotza du, parpain-arkuek zatitua. Burualde poligonala du, eta XVI. mendeko kaperak. Lau kapitel erromaniko gorde dira, landa-moldekoak, eta haietan irudiak eta aurpegiak ageri dira. Erretaulak joan den mendean saldu omen ziren, eta San Pedro patroiaren irudia baizik ez dago, lan errenazentista, 1580koa.

DORRETIK ZABALEGIRA

Zabalegin bisitaldi laburra eginen dugu. Gure aurrean, XVI. mendeko nekazaritza etxe handi bat agertuko zaigu, dorreduna eta patioduna. Elizaren ondoan, bi solairuko etxe handi bat, XVI. mendean eraikia, giltzarrian armarria duena. Eta ondoan, XVI. mendeko beste etxe handi bat, hori ere armarriduna.

Elizari berrikuntza handiak egin zaizkio. Erdi Arokoa da, XVI. mendean handitua. Gangak dira nabarmentzekoak, gero eta landuagoak presbiteriora hurbildu ahala; horrela, lehen tartean gurutze-ganga soila da; bigarren eta hirugarren tarteak, berriz, arku tertzeletez osatuak daude, eta burualdean, izar-itxurako ganga dago.
Kanpoaldean, ate zorrotza dago hiru arkiboltarekin, dena atari batek babestua. Elizan badago XVII. mendeko erretaula erromanista soil-soila; hartan sagrario bat da nabarmentzekoa, Michelangeloren eragin handia duena. Ez aspaldi, gaineko Kalbarioa berritu behar izan zuten, goiz batez lurrean eroria agertu baitzen. Koru azpian, bataiarri bat dago, jatorriz Erdi Arokoa.

Zabalegitik N-240 errepidera itzuliko gara, kilometro bat egin eta Elortz joko dugu, Taxoare mendiaren magalean.

ELORTZ

Karrika batek egituratua dago. Gero, erdiguneko etxadi batera iritsi, eta bitan banatuko da, geroago eliza ondoan batzeko. Halaber, bada Lindatxikia esaten dioten kale txiki bat hego-ekialdean, eta plazaxka bat, ipar-ekialdean.

Landa moldeko etxe handi batzuk dira nabarmentzekoak Elortzen. Horien artean:

Charlesena: elizatik hurbilenena da. XVII. mendeko armarri barrokoa du, bi ate dinteldun, eta zurezko teilatu-hegatsak.

Angelena: elizaren ezkerrean dagoen plaza txikian kokatua. Atalarrian urte bat dago idatzia: 1744.
Erlarena: 1684koa, bertan dagoen idazkunaren arabera. Ate dintelduna eta leiho forjadunak. Armarria barrokoa da. Ibarreko etxe tradizionala nolakoa izan zen ikusteko aukera ematen du. Garai bateko sutegi eta sukaldeak, eta iraganeko tresna eta lanabesak.

Elizak Erdi Aroko dorrea du, 1300 inguruan eraikia, baina gainerakoa XVI. mendean handitu zen. Atea atari errenazentista batean babestua dago. Ataria arku beheratu baten gainean egina dago, eta gurutze-ganga du zutabeen gainean. Elizan nabe bakarra du eta bi kapera, gurutze modukoa, eta beste bat atearen aurrean; bertan, Erdi Aroko bataiarria dago, erdi-puntuko arkutxoez apaindua.

Goi-korua du lehen tartearen azpian; dorrearen azpian dagoena. Beraz, Erdi Arokoa da. Tenplua izar-itxurako ganga ederrez estalia dago. Erretaula da nabarmentzekoa, Ibarreko onena, erromanista, XVII. mendekoa, Juan de la Era mihiztatzaileak eta Gaspar Ramos eskultoreak ondua; klasizismoaren eragina du, eta Anuntziazio, San Antonio eta Kalbarioa dira nabarmentzekoak. Irudiak heroikoak eta sendoak dira, Michelangelorenak bezalakoak. Bukatzeko, lurreko hilarria aipatuko dugu, erdizka baizik ulertzen ez dena, Erlarena etxekoa.

Elortzetik atzera egiten hasiko gara Noainera, N-240 errepidean zehar, baina 11 km-an eskuineko bidea hartu eta gure azken geldialdia eginen dugu.

ZULUETA

Lehenik eta behin, aspaldi-aspaldiko iturri bat aurkituko dugu, XVIII. mende bukaerako agiri batean baitago jasoa. Bide batek eramanen gaitu herriraino, alde banatan zuhaitzak daudela. Labadero edo garbitegi zaharra ikusiko dugu, horren urrun ez dauden bizimoduen erakusgarri. Gaur, txoko lasai eta ederra da.

Elizaren aurrean, solairu bakarreko etxe bat dago. Leiho gotikoak ditu, erdi-puntuko atea, eta armarria giltzarrian. Erdi Aroaren akaberakoa omen da. Elizaren gibelaldean, hiru solairuko etxe handi bat ikusiko dugu; armarria barrokoa da. Herriaren hegoaldean, Zuluetako jaunaren jauregi hondatua dago, bi solairuko lau tartez osatua. Erdigunean patioa. Erdi-puntuko ate batetik sartzen zen, baina hondatua dago. Duela gutxi arte, jauregi zaharreko dorre bat zutik zegoen.

Eliza jatorriz Erdi Arokoa da, XIII. mendekoa. Garai hartakoak ditu hormen behealdea, nabearen lehen tartea eta dorrea. Gainerakoa XVI. eta XVII. mendeetakoa da. Nabearen lehen tartean, kanoi-ganga zorrotza dago, eta leiho erromaniko bat. Bigarren eta hirugarren tarteetan arku tertzeleteez osaturiko gangak daude, eta gurutzearen gainean, izar-erako ganga bat dago.

Erretaula, XVIII. mendekoa, erromanista da, Ibarreko gehienak bezala, eta San Esteban patroiari eskainia dago. Hemen ere ikusten dira aurpegi bizardunak eta lehoi-itxurako ileak, Migelanchelok horren gustukoak zituenak. Kapera batean, armarri bat eta hilobi bat ikusiko ditugu, bai eta bataiarri erromaniko bat ere.
Zuluetan, halaber, iturria, Benta eta eskola zaharren pareko frontoia dira aipatzekoak. Herria ikusita, Noain aldera itzuliko gara, ibilbide honen abiapuntua eta helmuga baita.

X