Noain-Elortzibarko Udalak hainbat herri ditu: Noain (hiriburua), Elortz, Gerendiain, Imarkoain, Oritz, Otao, Dorre, Iharnotz, Zabalegi eta Zulueta.

Udalerriko biztanle gehienak Noainen bizi dira. Ibarreko kontzejuetan, berriz, 1.267 biztanle; adibidez, Oritzen 6, eta Imarkoainen, berriz, 369.

Taxoareko eta Alaitz mendien artean estuturik, Elortz ibaiak Ibarra bere osoan zeharkatzen du alderik alde, mendebaldetik ekialdera; bazterretan, ezker-eskuin, laborantza alor zabal emankorrak daude, laborea batez ere, Iruñerrian ohi denez. Izan ere, duela oso gutxi arte, Ibarreko biztanleek nagusiki nekazaritzatik eta abeltzaintzatik atera dute bizimodua.

Egun, udal-barrutian badira hainbat industria, bai eta Garraioaren Hiria ere, eta kontzeju handienetan gero eta jende gehiago bizi da, Iruñetik hurbil baitaude, bai eta Jakako autobideari esker ere. Udalerria zeharkatzen duen beste azpiegitura garrantzitsu bat Nafarroako Ubidea da, Alaitz Mendiari itsatsia.

Ibarrean hainbat paisaia mota ditugu, hala nola Alaizko kaskoetako pagadia, Taxoare mendi-hegietako erkametzak, eta Elortz ibaiaren ibai-bazterrak.

Donejakue Bidearen Aragoiko adarrak Alaitz mendipean dauden kontzejuak zeharkatzen ditu. Harrobi ahaztu baten azpitik doan bidexkan barna Iharnotza iritsiko gara. Bidexka eta pistak tartekaturik, ibilbidea aurrera doa bazkalekuen eta birsortzen ari diren basoen artean, eta Otao eta Ezperun zeharkatzen ditu. Bidea Gerendiainen sartzen da, eta herria atzean utzita, harrobi abandonatu bat gurutzatzen du.

Gure Ibarra ezagutzeko, onena da hemengo herri eta mendi-bazterretan barna ibiltzea; hortaz, den-denak zaudete gonbidatuak.

X