Armarria

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dauden aurrekariak ikusita, esan daiteke Elortzibarrek ikur soil bat erabiltzen zuela bere zigiluetan, gutxienez XIX. mendearen erdialdetik aurrera. Ikurrean arte bat ageri zen, eta agirietan beti tinta urdinez dagoenez, ez daiteke esan zer kolore heraldiko zituen, halakorik izan bazuen. Ignacio Baleztenak sakon ikertu zuen Nafarroako Udal Heraldika, eta haren hipotesiaren arabera, kolore haiek berdea edo sinople-kolorea izan zitekeen zuhaitzarentzat, eta urre-kolorea hondorako. Gero, XX. mendearen erdialdean, ikur horren ordez, hiru almenako dorre bat erabiltzen hasi zen, urre-koloreko hondo edo alorraren gainean, hau da, Elorzko kontzejuak bere zigiluetan erabiltzen zuena.

Bestalde, ez dakigu zehatz noiz, baina XIX. mendean ziurrenera, Noain Kontzejuko alkatetza akueduktu ospetsuaren tarte baten irudia zuen zigilua erabiltzen hasi ze; hasieran, bost arkukoa, gero laukoa, eta azkenik, hirukoa. Lehenago, ziurrenera Ibar osoari zegokion ikurra erabiliko zuen.

Noaingo kontzejua 1995eko apirilaren 3an iraungitzearen karira, eta Noain-Elortzibarko Udal berria sortzean, armarri bat onetsi zen 1995eko irailaren 15ean entitatearentzat; hots, goialdean kasket bat, eta haren azpian, Noaingo akueduktuaren irudia; behealdean, berriz, Elorzko dorrea.

IBARRAREN HISTORIA

HISTORIAURREA

Paleolitoan, historiaurreko gizakia jada Elortzibarren bizi zen. “Diablo-zulo” esaten zaion kobazuloan bizi izan zen; bertan, gizaki hark erabilitako tresna eta arma batzuk aurkitu dira, guztiak ere harriz eginak.

Neolitoan, Elortzibarko lehen herrixkak agertu ziren; horrela, zeramika puskak eta aizkora zatiak agertu dira. Imarkoainen, adibidez, harrizko labana leundu bat aurkitu zen. Nafarroako Museoan dago.

ERROMATARRAK ETA KRISTAUTZEA

Erromatarrek garapena ekarri zuten. Galtzadek Erromarekin lotu zituzten Inperioko bazter guztiak. Elortzibar, haren kokapena zela eta, gune estrategikoa zen, eta Pirinioetako pasabideak Ebro ibaiaren arroarekin lotzen zituen.

Egile batzuen arabera, Ibarreko toki-izen batzuek erromatarren garaian izan omen zuten jatorria: Imarkoain (Markoren lekua), Noain (Nuniusen lekua), Andrikain (Anderecusen lekua). Imarkoainen, halaber, zeramika erromatarraren puskak agertu dira eta txanponen bat.

ERDI AROA

XI. mendearen erdialdekoak dira “Elorcibar” ibarrari loturiko zenbait agiri, monarkiak ibar bakoitzerako izan omen zuen administrazioaren barruan.

XI. mendean, erromes aunitzek Ibarra Santiago de Compostelara joateko zeharkatzen zutela ikusita, merkatari asko Donejakue Bideko herrietan finkatu ziren. Horrela, merkataritza oparoa sortu zen Bide horren arrimuan, Bideak ere gure Ibarra zeharkatzen baitzuen.

1521ean, Nafarroako tronutik kendu zuten nafar erregea saiatu zen erresuma berreskuratzen, Bortuz haraindiko Nafarroatik edo Nafarroa Beheretik ekinez. Armada bat igorri zuen, Asparrosko jaunaren agindupean, eta Tebas ondoan kanpatu zuten. Gaztelarrek, berriz, Noaindik hurbil. Gudua ekainaren 30ean gertatu zen, Noaingo zelaietan, eta gaztelarrak nagusitu ziren. Horrela, Elortzibar erdian, Nafarroako Erresumaren independentzia aroa bukatu zen.

ARO MODERNOA

Aro Modernoan, biztanleria nabarmendu handitu zen; dena den, tarteka jaitsi egiten zen, krisi ekonomikoek eta gerrek eraginda. Badakigu 1787an, Elortzibarren 944 biztanle zirela, eta 1857an, berriz, 1.174.

Elortzibarko jendeak nekazaritzari lotuta bizitzen jarraitzen zuen, batez ere garia eta garagarra ereinda, bai eta konkistatzaile espainiarrek Ameriketatik ekarritako landare batzuk ere, hala nola artoa eta patata. Arestian esan dugun bezala, mahatsondoa landu eta ardo arin bat egiten zuten, zertxobait garratza, txakolina.

Halaber, azienda gobernatzen zuten, Alaitz mendian bazkaleku zabalak baitziren abereak bazkatzeko. Artisau batzuk ere baziren, zapatariak eta arotzak, batez ere. Merkatu egunetan, Elortzibarko jendea Iruñera eta Elora joaten omen zen beren produktuak saltzera, eta ordainez, oihalak, nekazaritzarako lanabesak eta beharrezkoak zitzaizkien beste manufaktura batzuk erosteko, haiek ezin baitzuten halakorik egin.

KARLISMOAREN AGERPENA

Karlistek esaten zuten gure herriko tradizioaren aldekoak zirela, baita Nafarroako Foruen eta erlijio katolikoaren aldekoak ere. Haien esanetan, balio horiek guztiak arriskuan zeuden, gobernu liberalaren eraginez.

XIX. mendean, hiru karlistaldi izan ziren, baina giroa tenkatua egon zen bai mende osoan, baita ondoren ere.

Elortzibar, Nafarroako herri gehienak bezala, karlista zen argi eta garbi.

Enfrentamendu eta borroka aunitz gertatu ziren Artederreta aldean, eta 1835ean, Lehen Karlistaldian, karlistek Noaingo destakamentu liberalari egin zioten eraso.

Gerra horietan galtzaile ateratzearen ondorioz, Nafarroak bere Erresuma izaera galdu zuen Espainiako Koroaren barnean, eta probintzia hutsa bilakatu zen.

INDEPENDENTZIA GERRA edo FRANTSESTEA

1807an, Napoleonen frantses armadek Pirinioak zeharkatu eta herrialdea denbora laburrean hartu zuten.

Frantsesek goarnizio bat ezarri zuten Noainen, eta badakigu basakeria franko egin zituztela noaindarren aurka. Eliza zaharra erre zuten, margolanak eta erretaulak eta guzti, eta hormek baizik ez zuten zutik iraun (garai hartako apezak idatzirik jaso zuen bezala).

Handik gutxira, gerrillak osatu ziren frantsesen aurka borrokatzeko. Nafarroan, gerrillarien burua, Javier Mina izan zen, Otaon sortua omen.

Frantsesen aurkako gerra latz-latza izan zen, eta urte haietan, frantsesek Gerendiain eta Noain arpilatu zituzten. 1813an, beste armadek frantsesak azpian hartu eta kanporatu zituzten. Errege Fernando VII.a erbestetik itzuli zen.

XX. MENDEA

Trena XIX. mendearen erdialdean iritsi bazen ere, XX: mendearen hasieran gertatu ziren aurrerapenik handienak.

Izan ere, komunikazioak hobetu, nekazaritza-makinak eta ongarri inorganikoak agertu ziren, baita Rural Kutxak ere, nekazaritzari segurtasun handiagoa emate aldera.

Egoera ekonomiko onaren ondorioz, biztanleria nabarmen handitu zen. Horrek eraginda, lur gehiago landu ziren, jende hori guztia elikatzeko, eta garai bateko herrilurrak eta bazka-lurrak goldatu eta landu ziren. Beraz, azienda jarduerak nabarmen egin zuen behera.

Mahatsondoak ere behera egin zuen, komunikazioak hobetzearekin batera Erriberako ardoak iritsi baitziren, kalitatez hobeak baitziren.

70eko hamarkadan, Ibarreko lursailen berrantolamendua egin zen. Horrela, lurjabe bakoitzaren lurrak errentagarriagoak izanen ziren, eta errazago ere landuko ziren.

Gainera, Elortz Nafarroako komunikazio-gunerik garrantzitsuena da. Arestian esan dugu trenbideak Ibarra zeharkatzen duela mende eta erditik gora. Bi errepide nazional daude, eta A-15 autopista. Azkenik, 1972an, Noaingo aireportua egin zen.

INDUSTRIA

Ibarrera lehen industria-lantegiak iristearekin batera aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren. Horrela, lehen etorkinak iritsi ziren, bai eta Nafarroako beste alde batzuetako jendea ere. Horren ondorioz, ohitura eta usadio aunitz aldatu ziren. Biztanleria, gainera, Noainen biltzen joan zen; aldiz, herri batzuetan, biztanleriak oso nabarmen egin zuen behera, hala nola Iharnotzen, Otaon, Ezperunen eta Gerendiainen, baina azken urteotan auzokide kopurua handitu da.

Ibarreko industria askotarikoa da; hemengo lantegietan, adibidez, etxetresna elektrikoak, altzariak, metalezko produktuak eta nekazaritza-makinak egiten dira, arte grafikoak ere badira, eta ezarri diren lantegi berriak ere bai.

PERTSONAIA OSPETSUAK

JAVIER MINA

Francisco_Xavier_Mina

Javier Minari erdaraz “el Mozo” edo “Estudiante” esaten zioten. Independentzia Gerran, Nafarroaren aldeko borrokan ziharduten gerrilla talde guztiak batu zituen, “Corso Terrestre de Navarra” izenarekin.

Laborarien semea zen, eta ez dago argi non jaio zen, Otaon edo Idotzinen. Iruñeko apaizgaitegian ikasi zuen, gero Zaragozako Unibertsitatean, eta han hiriaren defentsan parte hartu zuen, Palafox militarraren aginduetara. Gero, Nafarroara itzuli zen.

Corso Terrestre zeritzonak, nagusiki, Nafarroako erdiko zerrendan jardun zuen, baina batez ere Iruñea inguruetan. Arrakasta handia izan zuen Lizarran, Garesen, Oibarren, Caparroson, Izarbeibarren, eta bereziki, Artederreta inguruko bazterretan.

Hain zuzen ere, Subitzako gainetan, frantsesen aurkako enfrentamendua izan ondoren, Mina eta haren taldea Gerendiainera iritsi ziren, eta han hainbat egunez iraun zuten, muniziorik ezak eraginda. 1810eko martxoaren 27an, Labianora joan zen, eta frantsesek bertan preso hartu zuten. Frantziako espetxe batera eramanda, atzera itzuli zen 1814an, baina 1816an, ontziratu eta Mexikora jo zuen; hurrengo urtean hil zen, tropa errealisten aurkako borrokan, Pénjamo hirian

Argibideak Wikipedia.org.

VENTURA RODRÍGUEZ Y TIZÓN (1717-1785)

Ventura_Rodríguez

Igeltsero familia apal batean jaioa, Aranjuezko Jauregiko obretan hasi zen (aitak han lan egiten baitzuen), errege Filipe V.ak ekarritako arkitekto italiar eta frantsesen zuzendaritzapean. Madrilgo Errege-Erreginen Jauregian eraman zuen bururaino bere prestakuntza, Marchand, Galuzzi Jubara eta Sachetti arkitekto ospetsuen laguntzailea izan baitzen.

Denboraren joanean, ospeari esker, San Fernandoko Errege Akademiako Arkitektura saileko zuzendari egin zuten, Madrilgo Obra eta Iturrien Maisu Nagusi, Toledoko Eliza Santuko arkitekto, eta beste akademia nahiz elkarte batzuetako kide.

Hasierako estiloa barroko erromatarrari lotzen zaio, Juvara eta Sanchettiren eraginpean, eta hainbat lan egin zituen, hala nola Errege Jauregiko kapera, Madrilgo San Markos eliza eta Zaragozako Pilaretako kapera. Gero, denboraren joanean, klasizismorantz jo zuen, Herrerarengan inspiratua. Garai hartakoa da Iruñeko Katedraleko fatxada. M. Larumbek Venturari buruz egindako azterlanaren arabera, harenak dira beste lan hauek ere bai: Santiago de Compostelako Katedraleko “Azabachería”-ko fatxada: Madrilgo Encarnación elizako dekoratua; Cuencako Trasparente de San Julián lana; Silosko komentuko eliza (Burgos); eta gauzatu ez ziren beste proiektu handi batzuen egilea, hala nola Madrilgo San Bernardo eta San Frantzisko handiaren eliza edo Covadongako Gure Amaren Santutegia. Hortxe daude ezin konta ahala lan eta proiektu, Ventura Rodríguez y Tizón jaunaren jeinutasunaren eta lan gaitasunaren erakusgarri.
Nafarroan, hiru lan egin zituen: ura Subitzatik Iruñera ekartzeko proiektua 1782an (Noaingo Akueduktua horren tarte bat da), Iruñeko Katedraleko fatxada eta Tuterako Miserikordia Etxea.

Argibideak Wikipedia.org.

MIGUEL DE LA QUADRA-SALCEDO

Miguel_de_la_Quadra-Salcedo

Ruta Quetzal BBVA ekimenaren bultzatzaile, antolatzaile eta zuzendaria. Madrilen 1932an sortua, baina txikitan Iruñean bizi izan zen (Familiak Otaon zuen etxea, Elortzibarren).

Gizon hau alde alor aunitzetan aritu zen, nekazaritza ingeniaria, kazetaria eta abenturazalea, kirol munduan ere nabarmendu zen.

Inprobisaziorako gaitasun handikoa, gauza da aurreikusitako planak edozein unetan aldatzeko, ekimen horretan ari diren ia 400 pertsonak mobilizatzeko, eta jende guztia harri eginik uzteko ekimen bikain batekin.
Erreportari lanetan ere aritu zen; esaterako, TVEk Iberoamerikan izaniko lehen berri-emailea izan zen, eta hainbat saio geografiko eta historiko zuzendu zituen pantaila txikirako. Haren kazetaritza-lanak hainbat aldiz saritu dira, hala nola Telebistako Kritikaren nazioarteko Saria Cannesen “La muerte del Che Guevara” saioagatik, edota Nazioarteko Telebista Saria, “La larga marcha de los eritreos” lanagatik.

Kiroletan ere nabarmendu zen, bi aldiz txapeldun olinpikoa izan baitzen Erroman eta Melbournen, eta munduko errekorra ere izan zuen xabalina jaurtiketan euskal estiloan (112 metro); gero, hura baliogabetu zuten, estiloa ez zelako arauzkoa. Bidaiari nekaezina, esploratzaile asegaitza… Miguel de la Quadra-Salcedo da belaunaldi berriek eta zaharrek gehien miretsi duten espainiar erreportaria. 1985ean, “Aventura 92” abiarazi zuen, gaur egun, Ruta Quetzal BBVA izena duena, eta 43 herrialdetako gazteek parte hartzen dute. Bidaia horrek Iberoamerikako eta Espainiako geografia eta historia aztertzen ditu. Saio horrek 7.500etik gora neska-mutili eman dizkie bekak, eta Unescok interesekotzat jo du.

1956an, euskal eta nafar jatorriko kazetari honek Amerika “aurkitu” zuen, beka bati esker. Han hasi zen bere asmoa gauzatu nahian, hots, “Atlantiko bi aldeetako ertzak hurbiltzea”, ohartu baitzen amerikar gazteek aunitzez ere gehiago zekitela Espainiari buruz, espainiarrek Amerikari buruz baino.
Garai hartan ere piztu zitzaion Amazonasekiko zaletasuna. Hiru urtez aritu zen ibaia arakatzen, eta sailkapen etnobotanikoak egin zituen egin zituen Bogotako Antropologia Museorako.

Bitartean, Olinpiadetako arrakastak iritsi ziren; disko jaurtiketa Erroman eta Melbournen, eta horrek ospe handia eman zion. Handik gutxira, TVEko lehen berriemaile izendatu zuten Hispanoamerikarako.

Neruda, Borges, Carranza, León Felipe… eta beste batzuei buruz egindako lanei esker, baita Ché Guevararen heriotzaren inguruan ondutakoari esker ere, milaka herritarrek Mundu Berria “aurkitu” zuten etxeetatik. Baina haren egiazko ametsa espedizio bat antolatzea zen, Espainiako eta Iberoamerikako gazteekin, garai bateko epopeia historikoen eta geografikoen oroigarri. Errege Joan Karlosek hitz batzuk esan zituen Atlantikoz bi aldeko gazteen arteko ezagutza sustatu beharraz; horrek itxura eman zion ametsari, eta horrelaxe sortu ziren kultur eta abentura ibilbide horiek, hein batean ere ibilbide iniziatikoak direnak. 1993az geroztik, Ruta Quetzal esaten zaie.

Babeslea bat behar zen. Beraz, duela bost mende Kristobal Kolonek egin zuen bezala, Miguel de la Quadra-Salcedo mezenas baten bila hasi zen, ametsa gauzatzeko. BBVA finantza taldea da Quetzal Ibilbidearen haize alisioak.

X