Noaingo akueduktua

1699an, Iruñeak arazo larria zuen. Garai hartan ez zegoen txorrotako urik, eta lehorte handiek izurriteak agertzea eragiten zuten. Egoera hura ikusita, agintariek urak ekartzea erabaki zuten, eta hainbat proiektuk porrot egin ondoren, Ventura Rodriguez ingeniaria kontratatu zuten, Madril aldean oso ospetsua baitzen.

Ura Subitzako iturburuari zerion. Gero, lur azpitik joaten zen Elortzibarrera arte. Akueduktua egitea erabaki zuten, urak Erreniega eta Taxoare mendien arteko desnibela gainditu zezan. Hemendik Mendillorrira zihoan, hodien bidez, eta gero, Iruñeko kaleko iturrietara. Urak ekartzeko hodi sare hura 1790ean inauguratu zen. Obra-maisua Santos Angel Otxandategi izan zen.

Akueduktua 1.250 metrokoa zen luzeraz, eta 97 arku zituen. Arku handienak 18 metro ziren garai, eta 8,5 metro, zabal.

1858an, bi arku batu eta zutabe bat eraitsi zen. Horrela, arku handiago bat egin zen, trenari pasatzen uzteko, trenak Ibarra zeharkatu behar baitzuen. Garai hartan uste zuten trenak eragindako bibrazioek akueduktua arrailduko zutela, baina zorionez ez zen halakorik gertatu.

1895ean, Artetako ura iritsi zen Iruñera; horren ondorioz, akueduktuak ardatz izateari utzi zion. 1939an, Udalak Diputazioaren eskuetan utzi zuen, zaindu zezan. Zoritxarrez, hein batean hondatu eta erori zen, eta 1934an zaharberritu bazen ere, 1974an bi arku eraitsi ziren autopistari lekua uzteko.

Duela gutxi, haren eraikuntzaren II. mendeurrenaren karira, Kultur Ondasun izendatu zuten. Horri esker, bermatua dago zaindu eta konponduko dela, Nafarroako arkitektura neoklasikoaren obra bereizgarria baita.

 

San Migel eliza

Kanpoaldean, dorre gotiko bat dago, eta hantxe hasierako kanpai-horma erromanikoa txertatua dago. Halaber, badu XVIII. mendean eraikitako atari bat, eta haren azpian, ate gotiko bat. Ateak arku zorrotz bat du, arkiboltak, eta kapitelak; eskuinean haritz-hostoak daude, eta ezkerraldean, berriz, mahatsondo-hostoak.

Barnealdean, nabe gotikoak hiru tarte ditu, eta burualde poligonala. Gurutzeria-ganga du.

XVI. mendean, alboko bi kapera eraiki ziren, bai eta sakristia eta korua ere. Koruan badira apaingarriak, hala nola buruak, aingeruak, mahats-mordoak, txoriak eta basurdeak. Koru azpiko ganga izar formakoa da, eta giltzarrietan “serafinak” ditu.

Alboko erretaulak Martin Etxeberriak egin zituen XVII. mendean, baina Ondorengotza Gerran erre zituzten. XVIII. mendean, erretaula barroko bat jarri zen, Joseph Corralek ondua, baina frantsesek erre zuten, eta San Migelen irudia baizik ez zen salbatu. Bi irudi horiek (Arrosariotako Ama Birjina eta San Migel) Noaingo eliza berrian daude.

Eliza zaharra 1983an itxi zen gurtzarako, berria zabaltzearekin bat. 1990ean zaharberritu zen.

X